asafes
euskeracastellano
Síguenos en Facebook

Bazenekien...

… munduko biztanleriaren % 25ek buru gaixotasunen bat jasango duela bere bizitzan zehar?

… Araban 3.000 pertsona inguruk eskizofrenia izan dezaketela?

… kalamuaren kontsumoak hirukoiztu egiten dituela psikosi motaren bat garatzeko aukerak?

… depresioa emakumeek gehiago pairatzen duten buru gaixotasuna dela?

… Osasunaren Mundu Erakundearen arabera 2020 urtean depresioa bigarren ezgaitasun-arrazoia izango dela?

… azken urteotan auto-istripuengatiko heriotzak jaitsita, egun suizidioa dela gazteen arteko lehen heriotza-arrazoia?

… 5 lagunetik 2k baino ez dutela laguntza eskatzen buru gaixotasunaren arazoen ondorioz gaizki daudenean?

… biztanleriaren gehiengoak, % 80k, buru gaixotasunaren inguruko ezagutza eskasa duela?

… buru gaixotasunaren inguruan hedabideetan agertzen den informazio ugari ez dela zuzena?

… buru gaixotasun larria duten pertsonen % 70 eta 80 bitartean langabezian daudela?

… buru gaixotasuna duten pertsonek beren buruaz beste egiteko arrisku handiagoa dutela?

…eskizofrenia kasuak esklerosi anizkoitzarenak baino 20 aldiz sarriagoak direla?

… eskizofrenia duten pertsonen % 50 baino gehiago gaitzetsiak sentitzen direla euren gaixotasuna dela eta?

… buru gaixotasun gehienak tratatuak eta hobetuak (arinduak, behintzat) izan daitezkeela profesionalek burututako teknika eta tratamenduen bidez?


Uste faltsuak

Mito, nahaste eta informazio oker ugari dago buru gaixotasunaren inguruan. EZJAKINTASUN honek eragiten du "desberdina" denarekiko AURREIRITZIA sor dadin, gure pentsamoldearekin "bat ez datorren" horren inguruan, buru gaixotasuna duten pertsona askorekiko. Aurreiritzi hau da, orokorrean negatiboa, ESTIGMA edo OSPE TXARRA deitzen duguna, aldi berean pertsona hauen BAZTERKERIA ekartzen duena
.  

USTE FALTSUEI ERANTZUNAK:

- Buru gaixotasuna duten pertsonek errazago jasaten dituzte abusu eta iruzurrak, eurak oldarkor jarri baino.

- Buru gaixotasuna ez da adimen-atzeratasunaren baliokidea.“Buru” kontzeptua oso zabala da eta batzuetan nahasteak sorrarazten ditu. Adimen-atzeratasuna buru gaixotasun ugarien  arteko bat baino ez da.

- Ospitaleratzea BGri dagozkion egoera kliniko batzuk tratatzeko aldi baterako modu bat da. Buru gaixotasuna duten pertsonek ez dute zertan bizi osorako ospitaleratuta egon.

- Eskizofrenia EZ da eskolatze baxuaren, haurtzaroko trauma baten, guraso txarren… emaitza. Buru gaixotasunak faktore biologiko, psikologiko eta sozialen elkarreraginaren ondorio dira. Ikerketa zientifikoek erakusten dute faktore genetiko eta biologikoak hertsiki lotuta daudela eta, era berean, garapenezko faktoreek modulatuta (heziketa, gizarte-ingurunea, giza elkarreragina…).

- Buru gaixotasunek edozein pertsona motari eragin diezaiokete, honakoen bereizketarik barik: generoa, arraza, maila intelektuala, gizarte-maila… uste orokorraren kontra, izaera ahuleko pertsonei eragiten dietela, hain zuzen.

- Buru gaixotasunak ez dira beren kabuz sendatzen. Laguntza profesionala behar dute: familiako medikua, psikiatra, psikologoa…

- Buru gaixotasuna ez da hilgarria, ezta kutsakorra ere, eta ez dago zertan heredatu.


Zenbait buru gaixotasunen definizioa


ESKIZOFRENIA:


ZER DA:

Buru gaixotasun larri eta kronikoa da, garapen psikologikoari eragiten diona. Eskizofreniaren baitan hainbat mota daude.

Gaixotasun honek biztanleriaren % 1i ere eragin diezaioke, eta agertzeko adinik ohikoena 16 eta 25 urte bitartean kokatzen da.

Pertsonak une jakin batzuetan harremana galtzen du errealitatearekin: haluzinazioak eta eldarnioak jasan ditzake eta bere jarduera psikiko eta sozialaren pobretze orokorra jasaten du. Gaixotasunaren larritasuna da pertsona horrek zailtasunak izango dituela bere bizitzako hainbat esparrutan (lana, sozialki, familia, ekonomikoki eta abar) behar bezala funtzionatzeko. Honek sufrimendu eta nahasmen-maila handia eragiten du gaixoarengan eta haren familiarengan.

SINTOMAK:
Sintoma positiboak: gaixotasun aurretik pertsonak aurkezten ez zituen sintoma edo jokabideak.
• Haluzinazioak: zentzumenen engainuak, kanpo-estimulurik gabeko horien bidezko hautematea (esaterako: ez dauden eta beste inork entzun ezin dituen ahotsak entzutea).
• Eldarnioak: pertsonak benetakotzat hautematen duen uste faltsua da (adibidez: atzetik dabilzkiola sentitzen du, Jainkoak hautatua dela uste du).
• Pentsamendu nahasia: pentsamendu arraroa, logikarik gabekoa (esaterako: besteek pentsamenduak entzun edo lapurtu ahal dizkiotelako sentsazioa, gai batetik bestera egiten du jauzi eta abar…)

Sintoma negatiboak: gaixotasun aurretik pertsonak egiten zituen funtzio eta zeuzkan jokabideen murrizketa.
• Apatia: interes eza, motibazioa galtzea.
• Ekimena edo berezkotasuna galtzea.
• Gozatzeko ahalmena galtzea.
• Pobrezia afektiboa: emozioen erakusketa eskas edo desegokia.
• Gizarte-uzkurtasun edo isolamendua.
• Arazoak harreman pertsonalak izateko eta komunikatzeko.
• Arretarekin lotutako arazoak.

Pertsonak aldaketa jasaten du bere ohiko jokabidean, batzuetan poliki-poliki, beste batzuetan bat-batean, esaterako, lagunekin haserretzen da, familiarekin eztabaidatzen du, gustuak eta zaletasunak aldatzen ditu, suminkorrago, mesfidatiago eta hotzago dago, ezer ez zaiola inporta dirudi…

Kasu gehienetan pertsona ez da kontziente gaixo dagoela. Ingurunea edo familia izan ohi da zerbait txarto doala ohartu eta laguntza behar duela konturatzen direnak. Gaixotasun-kontzientzia eza ez da pertsonak hautatzen duen zerbait, alderantziz, gaixotasunak eragozten dio gertatzen ari dena behar bezala hautematea.

TRATAMENDUA:
Funtsezkoa da ahal bezain laster familiako medikuarengana joatea, honek espezialistarengana (psikiatrarengana) bidaliko baitu, diagnostikoa eta balorazio sakona egin ostean, luze joan daitekeena, tratamendu egokia ezar diezaion.

Pertsonak tratamendu psikiatriko zehatza behar du (botika antipsikotikoak) eta baita psikoheziketa eta birgaikuntza-terapiak ere, berriz gaixotzea eta gaitasunen galera murrizten dituzten heinean

 

NAHASTE BIPOLARRA:




ZER DA:

Gaixotasun mental larri eta kronikoa da. Nahaste bipolarraren baitan hainbat mota daude. Biztanleriaren % 24ri eragin diezaioke eta agertzeko adina 15 eta 40 urte bitartean kokatzen da.

Pertsonak aldartearen muturreko aldaketak izaten ditu. Aldartea maniaren muturretik depresioaren muturrera joaten da, nahiz eta depresioaren eta maniaren sintomak aldi berean agertzen dituen fase bat ager daitekeen, fase mistoa deritzona. Fase kritikoen artean gaixoa egonkor egon daiteke, eta normal funtziona dezake.

Pertsonak bere eguneroko funtzionamenduaren hainbat esparrutan egin dezake huts (lana, sozialki, familia, ekonomikoki eta abar).

SINTOMAK:
Depresio faseko sintomak: tristura-sentimenduak, itxaropen eza, larritasuna, gogorik eza edota ezkortasuna, energia eta interes galera, gose-asaldura, lo egiteko arazoak, suizidioari buruzko ideiak, isolamendua.

Mania faseko sintomak: bozkarioa, gehiegizko baikortasuna, energia eta bizitasuna. Loaldiaren murrizketa, gehiegizko hitz-jarioa, suminkortasuna, ezinegona, ordenarik gabeko pentsamendua, oharkabetasuna, handitasunezko pentsamenduak, gehiegizko gastuak, aldaketa emozional azkarrak eta abar … kasu larrietan eldarnioak edota haluzinazioak jasan ditzake.

Bestelako sintomak aurkez daitezke, edo aipatuen arteko batzuen eza. Kontuan izan behar da nahastearen agerpena adierazten duena ez dela sintoma isolatu bat, baizik eta multzo esanguratsua.

TRATAMENDUA:
Funtsezkoa da ahal bezain laster familiako medikuarengana joatea, honek espezialistarengana (psikiatrarengana) bidaliko baitu, diagnostikoa eta balorazio sakona egin ostean, luze joan daitekeena, tratamendu egokia ezar diezaion.

Nahaste bipolarraren tratamendu farmakologikoa nahitaezkoa da, hala nola psikoheziketa. Helburua sintomen kontrola, berriz gaixotzea ekiditea eta eguneroko normaltasunera itzultzea da.



NORTASUNAREN NAHASTEAK:


ZER DA:

NORTASUNA pertsona definitzen duten ezaugarri edo eredu-multzo gisa defini genezake (pentsamoldea, sentitzeko, jokatzeko eta besteekin harremanetan jartzeko modua). Ezaugarri hauek sendoak eta iraunkorrak dira oso modu berezian denboran zehar, eta honek eragiten du pertsonok gure artean ezberdinak izatea.

Nortasunaren Nahasteaz ari gara ezaugarri pertsonal hauetariko bat gehiegizkoa eta zurruna denean eta ez dionean pertsonari bizi den inguruneari behar bezala moldatzen uzten. Baldintzei egokitzeko ezintasun honek pertsonaren funtzionamendu soziala, familiarra, lanekoa, ekonomikoa… zailduko du, sufrimendu handia eraginda.

Nortasunaren Nahasteak haurtzaro berantiarrean edo nerabezaroan hasten dira, baina kasu askotan ez dira heldutasunaren hasierara arte detektatzen, Nortasuna erabat osatuta dagoela uste denean.

Biztanleriaren % 10-13ri eragin diezaioke eta, oro har, modu berean sexu biei. Nortasunaren 10 nahaste daude, beraz, funtsezkoa da profesional batek egindako diagnostikoa.

TRATAMENDUA:
Nahaste hauentzako tratamendu zehatzik ez badago ere, garrantzi handia du terapia psikologikoak; batzuetan, sintomak tratamendu farmakologiko bidez arin daitezke.




 

  Kalitate-politika           Gardentasun-legea